ORTZADAR taldeak egiten duen dibulgazio-lanaren baitan, erakusketak ditugu beste tresna bat, eta horiexek antolatzen eta eskaintzen ditugu, han eta hemen paratzeko.

Folklore jardunaldiekin batera, ORTZADARrek hainbat erakusketa prestatu ditu: “Material etnografikoak”, “Janzkera”, “Herri musika-tresnak”, Eulalia Abaituaren “Emakumeei buruzko argazki zaharrak”, “Mito, errito eta superstizioak”, Iruñeko Udaleko agiritegiko “Sanferminetako argazkiak”, “Nafarroako janzkera tradizionala”, J.A. Urbeltzen “Alakiketan, tradizioaren irakurketa bat”, eta “Antzinako Euskal Herriko bizimodua postal irudietan”.

Erakusketa horietatik guztietatik bi ditugu bereziki aipagarriak. Lehendabizikoa “Nafarroako janzkera tradizionala” izenekoa da. Erakusketa horretarako material originalak biltzeko egindako ahalegina inoizko handiena izan da, Madrilen Antropologia Museoa inauguratzeko 1924an egindako erakusketatik. Erakusketa horretatik katalogo bat osatu zen, eta katalogo hori erreferente bilakatu da, janzkeraren arloan.

Bigarren erakusketa Imágenes de la vida tradicional vasca a través de la antigua tarjeta postal liburutik sortutakoa da, eta liburuaren izenburu bera du (Antzinako Euskal Herriko bizimodua postal irudietan). Erakusketa hau 2003. urtearen amaiera arte izan zen eskuragarri, eta hainbat herritan paratu genuen, bai Nafarroan baita Nafarroatik kanpo ere. Ortzadarren erakusketa hau hala erakunde publikoen –esate baterako, Bertiz jauregian (Nafarroa) 2000. urteko uztailetik urrira bitarte, Nafarroako Gobernuaren Cultur’00 programaren baitan- zein pribatuen eskuetatik antolatu izan zen, eta Parisko Euskal Etxean ere izan da, hamabost egunez. Erakusketak oso erantzun ona jaso du, bai ikusleen –hogei mila pertsonak baino gehiagok bisitatu dute– bai erakundeen aldetik.

Beste erakusketa aipagarri bat herri musika tresnen erakusketa dugu. Hauxe didaktikoagoa da. ORTZADARren funtsa osatzen duten hainbat musika tresna eta beste hainbat panel osatzen dute erakusketa, eta paneletan, musika tresnak eraikitzeko modua, argazkiak eta beste azalpen batzuk erakusten dira. Musika tresnena erakusketa huts moduan antolatu daiteke, baina ORTZADARreko kideek azalpenak eman, kontzertuak eskaini eta instrumentuak jotzeko moduak erakusteko emanaldiak ere antolatu daitezke, aldi berean.

2009. urtean, Nafarroako Gobernuak Lantz, Ituren eta Zubietako Inauteriak Interes Kulturaleko Ondare izendatu izanaren ondorioz, Karlos Irujo Asurmendi eta Mikel Ozkoidi Pérez ORTZADARreko kideek izendapen horren aurreko txostena egin zuten, bai eta inauteri horiei buruzko publikazioaren erredakzioa ere, eta Nafarroako Gobernuaren Panorama aldizkariaren 40. zenbakian argitaratu zuten. Bi lan horiek egiteko jasotako material eta informazioen parte batekin, ORTZADAR taldeak “Ondare ez-materiala. Lantz, Ituren eta Zubietako inauteriak” izeneko erakusketa prestatu zuen, bi taldekide horien zuzendaritzapean.

ORTZADARrek dituen funts materialek eta dokumentazioak aukera ematen dute gaikako erakusketak nahiz erakusketa orokorrak antolatzeko, erakunde publikoen zein kultur elkarteen behar edo interes berezietara egokituz, erabilgarri dagoen espazioa kontuan hartuz.