XEREMIES

Apirilak 20, larunbata – Iruñea
12:00 kalejira hiriko kaleetan barrena
– Es Reguinyol – Xeremiers de Muro
– Txilibita Fanfarrea
– Ortzadar Euskal Folklore Elkartea

Xeremia esaten zaio Mallorcan jotzen den zahagidun gaitari; xeremier gaita
joleari. Ohikoa da uhartean flabiol i tamborí jotzailearekin colla edo taldea osatzea
(txistularien pare, esku bakarreko flauta eta danbolina jotzen dituztenak).

Es Reguinyol taldea Muro herriko xeremierrek osatzen dute, bi hamarkada
daramatzatelarik balear uharteko herri musika landu eta zabaltzen. Herriko eta
inguruko festak alaituz, eskola sendoa osatu dute urte horietan, eta tresna
hauentzako konposizio sariketak urtero antolatuta, errepertorioa aberasteko lan
garrantzitsua egin ere bai. Taldearen 20. urteurrena ospatzera Euskal Herrira etorri
nahi izan dute, Hernani eta Iruñeako adiskideekin.

Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak berriz, 50 urte bete ditu aurten, Iruñetik
euskal dantza, musika eta kultura ikertu eta zabaltzeko lan eskerga eginez. Mende
erdi horretan, erreferentzia bihurtua da Ortzadar herri kultura lantzen duten
euskal erakundeen artean. Horren erakusgarri dira Euskal Herriko Dantzen Atlasa,
folklore jardunaldiak, herri kulturari buruzko ikerketen argitalpenak edo,
azkenekoa, Nafar haziak dokumentala. Eta noski, Ortzadar dantza taldea eta
bertako musikariak: txistulariak, gaiteroak, albokariak nahiz fanfarrea.

Txilibita Fanfarrea Hernani Musika Eskola Publikoan sortu zen 2009an eta 15
urte daramatza, beraz, euskal musika tradizionala lantzen, dantza soinua eta herri
kantuak bereziki. Txirula, dultzaina eta akordeoiak bat egiten dute saxofoi,
bonbardino eta tankerako instrumentuekin hau bezalako txaranga edo fanfarre
herrikoietan, 1970eko hamarkadatik hona euskal dantza taldeen soinu berezia
bilakatu direlarik txistulariekin batera. Horren adibide, Santa Barbara diskoa
grabatu zuen joan den urtean Txilibita Fanfarreak.

Hiru taldeok bilatu dute elkartzeko parada eta, ohi dutenez, kalera atera nahi izan
dute haien musika herritarrekin banatzera. Pere Joan Martorell, Mikel Lasarte eta
Iñaki Egurenen zuzendaritzapean, Hernanin eta Iruñean izango dira asteburu
honetan.