HISTORIA

FOLKLOREA ETA KULTURA TRADIZIONALA AZTERTZEA, IKERTZEA ETA ZABALTZEA

1974tik

Iruñeko hainbat dantza taldetatik etorritako musikari eta dantzariak ORTZADAR EUSKAL DANTZARI ETA KANTARI TALDEA izenarekin elkartu ziren, Nafarroan folklorea zabaltzeko molde berri bat hutsetik eta era kolektiboan bultzatzeko ilusioarekin.

Lehenengo urteetan, Ortzadarrek musika eta dantza tradizionalak ikastea zuen jarduera nagusi, lehenbiziko emanaldiak eta folklore ikuskizunak eginez. Era berean, hainbat ikastaro eman ziren, txistuarena kasu, eta Olentzeroren irteera bezalako ekintzak antolatzen ziren Iruñean. Hurrengo urteetan, ORTZADAR EUSKAL FOLKLORE TALDEA izenarekin jarraitu zuen bere ibilbidea, irabazi asmorik gabeko kultur talde pribatu gisa, eta bere jarduera eremua euskal kulturari eta, bereziki, Nafarroari dagokiona izan da.

Gaur egun, proiektua indartu da ORTZADAR EUSKAL FOLKLORE ELKARTE gisa eratuz, eta, horrela, Euskal Herriko/Nafarroako folklorea eta tradizioa zainduz eta zabalduz ohiko jarduera duten pertsonei lekua egin zaie eta baita Ortzadarrek helburu hori bultzatzen jarrai dezan diruz lagundu nahi dutenei ere; hala, nolabaiteko harremana izan dezaten elkartearen jarduerekin eta gainerako bazkideekin.

Ortzadarren, hastapenetik, dantzari eta musikari koadro bat sortu zen, ikaskuntza-egitura dinamiko eta kolaboratiboarekin, ikerkuntzaren eta adierazpen folklorikoen interpretazioaren arloko esperientzia berritzaileak adibide gisa hartuta. Modu honetan, ordura arte Iruñeko dantza taldeek izan zuten joera gainditu zen, hots, koreografia hutsa baino balio handiagorik gabeko errepertorioak eskaintzea.

Jatorrizko tokietan dantza eta musika berriak ikasteko kezkak Nafarroan ikerketa lan bat egiteko beharra ekarri zuen, han-hemengo dantza maisuengana joz, eta orduan galdutako dantzak eta musikak berreskuratzeko aukera izanez.

Hala, ikerketa-lanak egiten hasi ziren, artxiboak eta azterlan bibliografikoak aztertuz eta landa-azterketa propioak eginez. ORTZADARko kideen lan honi esker, Nafarroako Erriberako dantzak eta Ihabarko ingurutxo eta inauteria berreskuratu ahal izan ziren, besteak beste. Berreskuratutako dantza eta musika guztiak jatorrizko herrietako biztanleei irakatsi zitzaizkien eta ORTZADARen errepertorioan sartu ziren; geroago, gainerako dantza taldeek interpretatu izan dituzte.

IKASTAROAK ETA JARDUNALDIAK

KULTURA TRADIZIONALA IRAKASTEA, SAKONTZEA ETA ZABALTZEA

1988tik etenik gabe, kultura tradizionalaren hainbat alderdiri buruzko ikastaro monografikoak antolatzen ditu Ortzadarrek. Gainera, hainbat herritan eman du kultura tradizionalaren gaineko ikastarorik; Vianako Printzea Erakundearen sustapen soziokulturaleko kanpainen barruan, adibidez, Euskal Dantzarien Biltzarrak kudeatutako eskualdeetako dantzen ikastaro batzuk monitorizatuz. Ikastaro hauek gure lan eremuari zegozkion gaiak jorratzen zituzten: instrumentu tradizionalak (txalaparta, txistua, etab.), dantzak edo kanta tradizionala.

Gainera, 1994. eta 2005. urteen artean, Nafarroako dantza tradizionalari eta txistuari buruzko hainbat ikastaro eman ziren Argentinako Nafar Etxeetan, Nafarroako Gobernuaren babesarekin.

1985. urteaz geroztik Ortzadarrek FOLKLORE JARDUNALDIAK antolatzen ditu, Folklorea eta Kultura Tradizionala osatzen duten alderdi guztiak sakonago aztertzeko eta zabaltzeko, eta, aldi berean, azterlanak eta ikerketak aurkezteko eta eztabaidatzeko foro bat eskaintzeko helburu nagusi izaki. Jardunaldi hauek prestigioa eta aintzatespena lortu dute komunitate zientifikoaren eta gai hauen zaleen artean, haien jarraitutasunari eta berauetan aurkeztutako lanen mailari esker.

Parte-hartzaile gehienak gure inguru geografikotik datoz, baina beste kultur esparru batzuetatik ere izan dira ekarpenak, hala nola, Aragoitik, Kataluniatik, Gaztelatik, Kanarietatik, Okzitaniatik… Parte-hartzaileen zerrenda luzean, batetik, beren lan zientifikoagatik ospe handia duten pertsonak daude, eta bestetik, ikertzaile gazteak ere bai.

ARGITALPENAK

ARGITALETXEEN IBILBIDEAN HASTEA

1986 eta 1993 urteen artean, Ortzadarrek bide berri bati ekin zion jardunaldien edizioetan aurkeztutako lanetatik abiatuta; Eusko Ikaskuntzako Folklore Saileko Koadernoak argitaratu zituen (3. zk.), Vianako Printzea Erakundearen Nafarroako Etnologia eta Etnografia Koadernoetan ere eman zuen argitara lanik, eta, ondoren, 1995etik aurrera, ORTZADAR taldearen beraren «SUKIL, Cuadernos de Cultura Tradicional» deitutako lau liburukiak argitaratu zituen.

SUKIL, KULTURA TRADIZIONALEKO KOADERNOAK (1995-2004)

Ortzadarrek antolatutako Folklore Jardunaldietan aurkeztutako lanak eta hitzaldiak biltzen ditu Sukilek. Guztira, Sukilen 4 ale argitaratu dira eta kultura tradizionalaren azterketari adierazpen independentea emateko hamar urteko lanaren emaitza dira, finean

EUSKAL HERRIKO JANZKERA (1997)

XIII. Jardunaldietan lortutako dokumentazioan oinarritutako 12 postaleko bilduma, Jose Mari Pastor “Artzai” artistaren marrazkiekin.

Arestian aipatutako bildumaren arrazoi beragatik, «Janzkera Tradizionala Nafarroan» erakusketaren katalogo bat argitaratu zen

EUSKAL BIZITZA TRADIZIONALAREN IRUDIAK ANTZINAKO POSTA-TXARTELAREN BIDEZ (1999)

XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako 200 posta-txartel baino gehiago, gehienak aurretik argitaratu gabeak eta antzinako postalen bildumagile baten funtsekoak. Irudiekin batera, irudiei buruzko azalpen-testu bat daukate laguntza, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, baita postalen argazkilari eta editoreei buruzko aipamen bat ere

Bisitatu online liburutegia; 1.200 liburu baino gehiago dauzka

ERAKUSKETAK

GURE FOLKLOREAREN ZATI BAT FORMATU FISIKOAN ETA BISUALEAN PARTEKATZEA

Folklore Jardunaldiekin bat eginez, ORTZADARek hainbat erakusketa antolatu ditu: «Material etnografikoak», «Janzkera», «Bertako tresnak», Eulalia Abaituaren «Emakumeari buruzko argazki zaharrak», «Mitoak, erritoak eta superstizioak», Iruñeko Udalaren artxiboko «Sanferminetako argazkiak», «Janzkera tradizionala Nafarroan», J. A. Urbeltzen «Alakiketan, tradizioaren irakurketa bat», «Euskal bizitza tradizionalaren irudiak posta-txartel zaharraren bidez», etab.

JANZKERA TRADIZIONALA NAFARROAN

Antropologia Museoa dena inauguratu zenetik, material originalak biltzeko ahalegin handiena izan zen erakusketa honek katalogo bat ekarri zuen, janzkerari dagokionez erreferentea dena

ANTZINAKO EUSKAL HERRIKO BIZIMODUA POSTAL IRUDIETAN

Aintzinako Euskal Herriko Bizimodua Postal Irudietan liburuaren argitalpenetik sortutako izen bereko erakusketa. Nafarroako eta lurralde mugakideetako hainbat herri bisitatu zituen, eta erakunde publiko eta pribatuek antolatutako jardueretan programatu zen

MUSIKA-TRESNA TRADIZIONALAK

Berrogeita hamar pieza baino gehiagoko bilduma, hainbat instrumenturen eraikitze-lana erakusten duten panelak eta azalpenak, eta argazkiak biltzen dituen instrumentu tradizionalen erakusketa

ONDARE IMMATERIALA; LANTZEKO, ITURENGO ETA ZUBIETAKO INAUTERIAK

2009an Nafarroako Gobernuak Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zituen Ituren, Zubieta eta Lantzeko inauteriak. Nafarroako Artxibo Nagusian ospakizun horiei buruzko erakusketa bat egin zen eta gai horri buruzko “Panorama” bildumako liburu bat aurkeztu zen, Mikel Ozkoidi eta Karlos Irujoren lana, hain justu