Dantza tradizionala izango da aurten Nafarroako Gobernuak antolatzen duen ekitaldi ibiltariaren protagonista eta dozena bat Nafar Etxe eta Txokoetara helduko da
Ortzadar elkarteak ‘Nafarroako Dantzen Atlasa’; lana aurkeztuko du maiatzaren 17tik aurrera

Nafarroako dantza tradizionalaren erakusketa zabala Estatuko geografian barrena ibiliko da maiatzaren 17tik aurrera, Nafar Etxeen bitartez, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak Nafar Etxe eta Txokoen Federazio Nazionalarekin lankidetzan urtero antolatzen duen ekitaldi ibiltariaren barruan.
Dantza tradizionala iparretik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera dago Nafarroan, kultur aniztasun eta aberastasun handia adieraziz. Ondare hori guztia ‘Nafarroako Dantzen Atlas’ean jaso da. Ortzadar Euskal Folklore Taldeak dantzaren ikerketa etnografikoarekin duen konpromisotik sortutako proiektua da, eta dantzaren erregistro eta monitorizazio sistematikoan datza, dantzaren sustapenean, balorizazioan, transmisioan eta biziberritzean laguntzeko.
Ekitaldia Nafar Etxeetara helduko da “El Atlas de las Danzas en Navarra/Nafarroako Dantzen Atlasa” izenburupean, eta Ortzadarren proposamenak lurraldean dauden dantza barietateei buruzko dibulgazio eta erakustaldi praktiko konbinatu bat dakar, formatu txikian.
Abiapuntua Gasteiz izango da maiatzaren 17an eta bira Logroñon (maiatzaren 24an), Bartzelonan (ekainaren 1ean) eta Barakaldon (uztailaren 21ean) izango da. Irailetik aurrera, ibilbideak Zaragoza, Valladolid, Madril, Bilbo, Valentzia, Kantabria, Sevilla eta Burgosetik jarraituko du.
1974an sortu zuten Ortzadar Iruñeko hainbat taldetako musikari eta dantzarik, tradizioa eta euskal folklorea zabaltzeko formatu berri bat sustatzeko. Horretarako, folklore-adierazpenen ikerketan eta interpretazioan izandako esperientzia berritzaileak hartu zituen erreferentziatzat. Lan horri esker, Nafarroako Erriberako dantzak, ingurutxoa eta Ihabarreko inauteriak berreskuratu ziren, besteak beste. Antropologiako Arakadia Bikaintasun Saria jaso du aurten Ortzadarrek.
Aurreko birak
Aurtengo birak aurreko urteetan egindakoekin jarraitzen du, eta Nafar Etxeak zeharkatzen ditu Nafarroako kultur munduko hainbat alderdi ezagutaraziz, hala nola iazkoa “Euskal Pilota Jokoak Nafarroako Kultur Ondare gisa” izenburuko pilota munduaren inguruan, edo aurreko urtekoa Iñaki Perurena harri-jasotzailearen “Harria, maitasunezko istorioa. Harria maitasun istorioa “, herri kirolen, poesiaren eta hausnarketaren arteko nahasketa.
Ikuskizun ibiltari horiek Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren hiru jarduera-ardatzen barruan kokatzen dira: Nafarroa Europan, Mugaz Gaindiko Nafarroa eta Nafarroa Munduan.
Info: https://t.co/jGcDewTC3s
Diario de Noticias: https://www.noticiasdenavarra.com/cultura/2024/05/06/danza-tradicional-visitara-docena-casas-8201371.html