Argazkia: Arkaitz Zudaire

Ortzadar Argentinan: “Harrigarria da nola mantentzen dituzten dantza taldeak”

Argentinako Nafar Etxeetan ibili dira Ortzadar Folklore Elkarteko kideak. Lur hartu bezain pronto hartu digu telefonoa Mikel Lasartek, etxerako bidea kostakoa izan zaie, “azken bi egunak aireportuan edo airean pasa ditugu”. Berrogei dantzarik eta musikarik osatutako taldea izan da azken bi asteetan Buenos Aires, San Carlos de Bolivar, Rosario eta Mendozako Nafar Etxeetan, “80 Euskal Etxe inguru daude Argentinan eta lau Nafar Etxe, lauretan egon gara eta lau urtetik behin ospatzen duten topaketan egoteko aukera ere izan dugu”.

Argazkia: Ortzadar

Argentinarrak euskal dantzan eta sukaldean

Argentinako Nafar Etxe guztiak bisitatu dituzte Ortzadarreko kideek eta bakoitzean dantza, jantzi eta sukaldaritza ikastaroak emateaz gain emanaldiak ere eskaini dituzte. Ortzadarren proiektua den Nafarroako Dantzen Atlasean oinarrituta Nafarroako dantzen inguruko hitzaldiak eman dituzte zentro guztietan eta baita musika tradizionalaren inguruan fanfarrearekin batera egokitutako hitzaldi musikatuak ere. Jantzien inguruko erakusketak ere egin dituzte, “kasu horretan mugatuta ibili gara, hegazkinean ezin baititugu eraman nahi adina jantzi”.

Argazkia: Arkaitz Zudaire

Lehenengo egunetan Buenos Aireseko Nafar Zentroan izan dira; bereziki Nafarroako dantzetan zentratu dira. San Carlos de Bolivarren, berriz, Bizkaiko dantzak landu dituzte, hau da, Durangaldeko dantzari-dantza. Rosarioko Nafar etxea eta dantza taldea ikusi dute sendoen, “harrigarria da dauzkaten baliabide eskas eta justuekin nola mantentzen dituzten 20 pertsona inguruko dantza taldeak”. Azken astean Mendozan izan dira, ikastaro eta emanaldiekin jarraitu dute. Nafar Etxeen topagunean parte hartzeko aukera izan dute, baita turismo pixka bat egitekoa ere.

Mendoza Nafar Etxeen bilgune

Lau urtetik behin egiten den Nafar Etxeen topaketa egin da Mendozan eta Ortzadarreko kideak partaide izan dira, aurreko egunetan bisitatu dituzten Nafar Etxeetako kideekin batera. Nafar Gobernuko ordezkarien bisita ere jaso dute. Espainia plazan Argentinako lau taldeek eta Ortzadarrekoek Kortesko trenzado doblea, Tuterako jota eta larrain-dantza eskaini dituzte; talde denek batera Ortzadarreko musikariekin. Eta Mendozako antzokian ikuskizun bat osatu dute, talde bakoitzak bere erakustaldia eginez: Arantzako dantzak, matelotak, dantzari-dantza…

Argazkia: Arkaitz Zudaire

Nafarroa eta Argentina lagun

1995an iritsi ziren lehen aldiz Ortzadarreko kideak Argentinara. Nafarroako Gobernutik Argentinako Nafar Etxeei bultzadatxoa emateko hainbat urtetan dantza eta musika ikastaroak ematera joateko bidaiak antolatu ziren. Zenbait urtetan Ortzadar aritu zen zeregin horretan. Urte luzetako etenaldiaren ondoren 2018an berreskuratu ziren Argentinako ikastaroak. Orduan Ortzadarreko 5 kide Rosariora joan ziren. Horrela, berriro giroa berotuta harreman berriak sortu ziren. Argentinarrak sanferminetan Iruñera etorri ziren eta harremanak sendotuta Ortzadarrekoek 2020rako Argentinarako bidaia antolatu zuten. Pandemia dela eta, ordea, bi urte atzeratu da bidaia, “alde onari begiratuta, Nafar Etxeen topaketekin kointziditu dugu aurten”.

Bidaia ikus-entzunezkora

Argentinako azken bidaia hau dokumental batean jasotzea da hurrengo pausoa. Horretarako ikus-entzunezkoetan adituak diren lau kide beraiekin izan dira bidaia osoan zehar bisitak dokumentatzen eta testigantzak jasotzen, “egin ditugun aktibitateak erakutsi nahi ditugu. Gure taldeko jendeari Ortzadarreko kide izatearen inguruan galdetu diegu eta Nafar etxeetako kideei, Nafarroarekin duten lotura, harremanak, dantzak nola sentitzen dituzten…”.

Argazkia: Arkaitz Zudaire